Historia

Erdi Aroko sustraiak

Andra Mari eliza

Uribe merinaldeko elizatea da. Haren jurisdikzioan hainbat oinetxe eta leinu dorre egin ziren eta horrek erdi aroarekiko lotura sendoak erakusten dizkigu. Zaharrenen artean Basabil eta Arechavaleta daude eta X. mendean Emengoa kapitainaren bi semeek eraiki zituztela esan ohi da. Bi horiekin batera, Oxangoiti oinetxea ere aipatzen da; etxe hori 1024. urtean eraiki zuen Percibo Caballero delako batek.

Jaurerrien arteko liskarrak

Tradizioak dioenez, Caballero jaunaren oinordeko bat izan zen Lezamako dorrea egin zuena eta dorre haren lehen jabea. Dorre horretan bizi izan zen jaurerriko leinurik nagusiena eta berak eman zion izena elizate honi; inguruko bandoekin borroka ugari egiten zuen bandoaren buru gatazkatsua izan zen elizateari hain zuzen ere.

Lezamako Pedro Ruizek berreraiki eta handitu zuen dorrea 1360an eta berrogeita hamar urte beranduago Lezama eta Diaz de Landa sendiek borroka latza izan zuten dorre horren inguruan. Beranduago (1420), Lezama leinua Pedro Cigorrekin batu zen eta Rodrigo eta Fortun Aguirre-Zugastiren aurka gogor ekin zioten. Bi bandoen artean borroka latza izan ondoren, Fernando de Lezama jaunaren suhiari, Larrabetzuko artzapezpikuaren semeari, burua moztu zioten haren etxearen ate aurrean. Hilketa horren ondorioz, hainbat borrokaldi izan ziren, luze iraun zuten borrokaldi horiek, baina gutxi-gutxika eta ezkontzei eta justiziaren parte hartzeari esker, borrokak indarra galduz joan ziren eta azkenean, bandoen arteko bakea lortu zen.

Sasoi honetan Lezaman ondoko leinu hauek agertzen dira: Goitia, Larragoiti, Madariaga, Basozabal, Olazarra, Ugarte eta Suquia, beste batzuen artean. Erdi Aroan jaurerria gainbeheran zegoela, izan ziren gatazka latzetan ere parte hartu zuen.

Andra Mari elizaren garrantzia

Baserria

Oxangoitiko oinetxeak Andra Mari eliza sortu zuen XIII. mendean. XV. mendearen bukaeran eliztarrek eurek eman zieten ugazaba moduan aritzeko baimena Juan Alonso de Mújica eta haren semeari, Gómez González jaunari hau da Butron oinetxearen jabeei, baldintza bakarra jarri zuten, onurak banatzerakoan bertan jaiotakoei lehentasuna ematea eta ez atzerritarrei; Juan II.a Aita Santuak onetsi egin zuen baldintza hori.

Eliza horren arduraduna fiel bat zen eta Gernikako Batzar Nagusietan 41. jesarlekuan eserita zegoen fiel hori.