Done Jakue bidea

Lezamak, Kostaldeko bidearen –edo Kantaurikoko bidearen– zati bat osatzen du, eta Compostelara erromesaldian iristeko biderik zaharrenetakoa dugu, Irunen hasi eta Kantauri itsasoaren paraleloan doana. Zehatzago esateko, gure herria Gernika-Lumotik irteten den etaparen amaieran dago, izan ere Bizkaiko zatian Done Jakue bidea etapa ezberdinetan banatzen da.

Horretarako, erromesentzako aterpetxea daukagu, udako hilabeteetan (ekainetik irailera, biak barne) erabili ahal izateko prestatuta dagoena. Udal lokal hori Done Jakue bide lagunen elkarteak kudeatzen du adierazitako hilabeteetan; elkarte horrek bere ostatu emaile boluntarioak eta laguntza eta aholkularitzarako azpiegitura guztia erromes bisitariaren zerbitzura jartzen ditu.
Garai historikoetan, Kostaldeko Bidea deitutakoa, Done Jakueren debozioaren lehen garaietatik erabili izan den erromes-bidea da (IX. eta X. mendeetan). Lehen garai horretan, Barrualdeko Bidearen ordezko bidea zen, izan ere Nafarroako eta Gaztelako lurrak zeharkatzean musulmanen mehatxupean zeuden. XIII. mendean, Barrualdeko Bidea indartu arren, Kostaldeko Bideak lehiari eutsi eta Irunetik zetozen erromesak hartzen jarraitu zuen (batez ere erromes frantses eta ingelesak), baita Kantauriko portuetara iristen zirenak ere.

Done Jakue Bideak, zati handi batean Erdi Aroko Errege Bidearekin edo Zin-bidearekin bat zetorrenak, neurri handian gure udalerriaren bilakaera historikoa baldintzatu zuen, izan ere Lezama zeharkatzen zuen merkataritza-trafikoa eragin zuen, Bilbotik Gernika eta Bermeorantz, edo alderantziz. Iturri dokumental historikoek garrantzi horren berri ematen digute, eta komunikabide horren garrantzi ekonomikoa aipatzen dute, konponketa- eta mantentze-gastuez aritzean. Elkarren ondoko herrien artean eztabaida ugari eta auzi jurisdikzionalak egon ziren mantentze lanek eragindako gastuen inguruan; kontuan hartu behar dugu garai hartan, gaur ez bezala, muga administratiboak ez zeudela ondo zehaztuta.

Informazio gehiago