Albisteak

 

Txorierriko tren-linearen berrikuntzarekin eta metroaren hirugarren linearen integrazioarekin, jakin bagenekien geltokitik igarotzen diren aparteko tren modernoekin bat etorri beharko zutela geltokiek ere. Hori dela eta, laster, gure udalerriko bi geltokiak berrituko dira. Itxura modernoagoa eta funtzionaltasun hobea izateaz gain, erosoagoak eta atseginagoak izango dira eta Lezamako biztanle guztien beharrizanei egokituko zaie.

Egingo diren lanen gaineko informazioa jasotzeko helburuarekin, urriaren 20an, auzotar-talde joria bildu zen Kurtzeko ermitan. Ondoko hauek ere bertan egon ziren: alde batetik, Jose Luis Sabas, ETSko zuzendari nagusia, eta Julián Ferraz, ETSren proiektuen eta plangintzaren zuzendaria Txorierriko zonan, biak ere Euskal Trenbide Sarearen ordezkari gisa, eta bestetik, Lezamako alkate den Jon Ander Aurrekoetxea, udalaren ordezkari gisa.

Bileran, hizkera adeitsua, lasaia eta irekia erabiliz azaldu ziguten geltokien eraberritze integrala nola egingo den. Izan ere, geltokiak tren berrietara egokitu beharko dira, bai eta irisgarritasuneko beharrizan berriei ere. Horretarako, txartelak baliogabetzeko makina zabalagoak jarriko dira, mugikortasun urriko pertsonei eta haur-kotxeak eramaten dituztenei sarbidea errazteko. Lezamako geltokiaren lanak berehala hasiko dira.

Kurtzeko geltokia nolakoa izango den zehaztu eta auzotarren galdera eta eskaerei erantzun ondoren, ETSko arduradunek honako hau jakinarazi ziguten: irisgarritasunaren kontuari irtenbidea emateko, Bilborako noranzkoko nasara sartzeko tunelak osatzen duen puntu beltza kendu egingo dela. Horretarako, sei metroko altuera izango duen pasabide bat eraikiko da, trenbidea eta katenariak zeharkatzeko. Nasara sartzeko beirazko eskailera itxi batzuk erabiliko dira, bai eta igogailu bana ere (horiek ere beirazkoak izango dira). Gaur egungo tunelak birmoldaketa sakon bat jasango du, zabaltasun eta argi gehiago emango dizkiona, angelu itsuak txikiagotuz; hala, mugikortasun urriko pertsonentzako bigarren sarbide gisa erabili ahal izango da, unean-unean, igogailuak erabiltzea posible ez denean.

Bene-benetan uste dugu hori dela nasara sartzeko puntu beltza kentzeko irtenbiderik onena; izan ere, metroaren hirugarren linean bilakatu den etorkizunaren trenera igota auzotarren segurtasuna, lasaitasuna eta erosotasuna areagotuko baitira.

Kurtzeko geltokia, ikusi dokumentua (PDF 2,6MB)
Herriko geltokia, ikusi dokumentua (PDF 3,09MB)