Albisteak

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, Bizkaibuseko A2153 linearen aldaketari esker —Bilbo Erandio, Loiu eta Deriorekin lotzen duena—, Loiu, Derio, Zamudio, Sondika, Lezama eta Larrabetzuko udalerriek Bizkaiko Parke Teknologikora edo Bilboko Aireportura joateko konexioa izango dute. “Lezamako bizilagunek behin baino gehiagotan egin zioten eskaera Udalari, eta, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu ondoren, azkenean bete egin da”, esan du Jon Ander Aurrekoetxeak, Lezamako alkatea.

"Horrela, Txorierriko bizilagunen aldarrikapen historiko bati erantzuten diogu; izan ere, aireportu eta parke teknologikotik oso gertu egon arren, bi helmuga horietako edozeinetara garraio publikoan iristeko, lehenik Bilbora joan behar zuten, eta handik beste autobus bat hartu", azpimarratu zuen Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak, joan den astean Bilboko aireportuan egindako ekitaldian. Bertan, Lezamako alkatea, eta Txorierriko gainerako alkatetzak izan zituen lagun.

Eskaera horri erantzuteko, A2153 lineak ibilbidea Deriotik Larrabetzuraino luzatuko du, Zamudio, Sondika, Lezama eta Larrabetzuko udalerriak eta aireportuko eta Parke Teknologikoko geraleku berriak gehituz. Zehazki, Aireportuko geralekua A3247 Bilbo - Aireportua/Aeropuerto linea geratu ohi den toki berean eta Teknologia Parkean, Arteagan, Innobasquen eta Itsasontzi edo Barco deritzon eraikinean finkatu da.

Loiuren maiztasuna ere hobetu egin da larunbat eta jaiegunetan Bilborekin dituen loturetan, eta asteko gainerako orduetan bezala geratu da, orduro, eta ez 120 minuturo, orain bezala.

Aldaketa horien ondorioz, A2153 lineak ere bere izena aldatu eta BILBO - Txorierriko Korridorea/Corredor del Txorierri - LARRABETZU izena hartuko du.

A2153 linea berria lanegunetan eta larunbatetan orduro igaroko da, Bilbotik (Elkano, 5) abiatuta, 7: 00etatik 22: 00etara. Jaiegunetan ere, orduro, 8: 00etatik 22: 00etara.

Larrabetzutik itzultzeko ordutegia 6:20tik 21:20ra bitartekoa izango da, orduro, lanegunetan eta larunbatetan, eta 7: 30etik 21: 30era artekoa, orduro, jaiegunetan, nahiz eta jaiegunetan zerbitzua ez den Parke Teknologikotik igarotzen.

Bestalde, egungo A3248 Astrabudua - Erandiogoikoa - Sondika linea desagertu egin da, A2153 linea berriaren eta Erandioko Udalak berak antzeko ibilbideak dituzten hiri-zerbitzuen ezarpenaren eraginaren ondorioz.

Mapa (PDF 7,31MB)