Noticias

 

Lur Gallastegik idatzitako "Saharako itsasoa" nobelak irabazi du 2018ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkarrek.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bederatzigarren ekitaldia izan da aurtengoa.

Bederatzi lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Gallastegik idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. “Saharako itsasoa” izeneko istorio honek familia baten gorabeherak kontatzen ditu: gurasoak ez dira ondo konpontzen, eta hausnarketarako beta hartuko dute udan, nork bere aldetik; Haizea alaba, berriz, izebarekin geratuko da, eta haiekin emango du uda Souhailak ere: neskatxa saharar bat, Tindufeko kanpamenduetan bizi ohi dena. Kontakizunaren samurtasuna azpimarratu du epaimahaiak, eta sentimenduak abenturen artean txertatzeko abilezia.

Lur Gallastegi Zendegi Bilbon jaio zen 1983an eta Donostian bizi da gaur egun. Itzulpengintzan lizentziatua da eta ingeleseko irakaslea. Bilduma honetan bertan bi liburu dauzka argitaratuak: Uda bat Senegalen eta Limoiondoaren loreak.

Mikel Zarate sariaren orain arteko irabazleak:

  • 2010 Asier Mendoza "Beste gu"
  • 2011 Julen Gabiria "Nire aita ikusezina da"
  • 2012 Gaizka Arostegi "Urrezko orrazia"
  • 2013 Irati Bediaga "Beldarren hegaldia"
  • 2014 Patxi Zubizarreta "Mundua baloi batean"
  • 2015 Arrate Egaña "Patioan"
  • 2016 Xabier Olaso "Erraldoiak"
  • 2017 Hutsik